El siguiente escrito que adjunto, en euskera, es de Juan Inazio Sudupe después de visitar el mercado de Dantokpá en Cotonú.
Benin, Porto Novo 2008.07.23
DANTOKPA AZOKA
Coutonou hirian dago Sortaldeko Afrikao azokarik handienetako bat, Dantokpa azoka. "Uraren ondoan" esan nahi toki izen honek. Ibaia eta itsasoak bat egiten dute bertan. Erdi erditik igarotzen da Cotonouko errepide erabiliena, eta Zubi Berria...
Denetik aurki dezakezu han... eta dendarik aberatsenak eta azokako posturik pobreenak (txabola txikiak, edo aterpe xumeak) elkarren ondoan daude... Tela eta arropa bikainak, pitxien ondoan aurki daitezke. Ahuntzak eta gazta alde batetik, bestetik fruita exotiko gozoenak... Zikinkeria eta kiratsa nonahi...
Gure zentzuentzat sinfonia ederra: koloreak, usainak, zaratak,... janari eta landareak... Bertako eta Europako hizkuntzak, deadarrak, "Bon jour!" handik eta hemendik, mutil eta gizon gazteak izugarrizko kargak eramaten, beren orga edo karroari tiraka, "banoa!" deadar eginez kale estuetan, lokatza artean...
Eta umeak... neska ugari aurki daiteke gauzak saltzen, buru gainean salgai dituzten gauzak eramaten, otarre handietan,... Neska hauek "vidomengon" edo neskame aritzen dira... Herri pobreetan "saldu" egiten dituzten neska hauek (60 euro inguru kosta daitezke), azokan lanean aritu daitezen... Etxeko umeak eskolara doazenean, "erositako" neska hauek ez dira eskolara joaten: etxea garbitu ondoren, azokara doaz, saltzera, ondo zamaturiko otarra buru gainean...
Kaleko mutil asko biltzen dira azokan. Mutil askorentzatajanaria lortzeko bide bakarra izan daiteke. Lan pixka bat egin dezakete, postuak jarri eta kenduz, zama astunak eramanez,... Asko umezurtzak dira, edota etxean "egurtu" egiten zituzten eta ihesi dabiltza, edota zorigaitz baten erruduntzat jo dituzten etxean, eta kanpora bidali... Hemengo erlijio naturalistaren arabera, istripu bat ezin da berez gertatu: beti norbaiten errua izaten da, vuduk berekin duen magiak erabaki behar du nork erakarri duen adur txarra. Eta gehienetan erruduna etxeko txikiena izaten da, babesik ez duen umea,... Poligamiak ere umeen arazoa larritu egin dezake.
Zer egin daiteke kaleko neska eta mutiko hauen alde? Orain arte, hemengo agintariek ez zuten onartzen kaleko umerik zegoenik ere... Hasi dira onartzen. Salestarrek eta Monja salestarrek (Maria Laguntzailearen Alabak) gogor ari dira lanean azokan, arazo honi aurre egiteko. Elkarren ondoan dauzkate bi "Foyer" edo etxe txiki, metalezkoak,... azokaren erdian, drogaren salmenta tokitik gertu,... Gari baten Gurutze Gorriak egiten zuen bat bertan behera utzita zegoen, eta azken 12-14 urteetan lan eder bati hasiera eta jarraipena eman diote.
Neskak "S.O.S. Vidomengon" etxe txikian biltzen dira. Goizean zehar eginiko lan astunak atsedena eskatzen du. Han ongi hartzen dituzte monjek eta hezitzaileek. Kantu eta jolas batzuk, zerbait ikasteko aukera,... tratu gozoa,... Ahal denean, neska hauen "liberazioa" lortzen saiatzen dira. Arrisku larrienean dauden neskeei (sexu bortxaketa arriskua), aterpe edo etxe txiki bat eskaintzen zaie, monjek Cotonou hirian duten eskolaren ondoan...
Mutilak azokako "Foyer Don Bosco" txabolan biltzen dira. Egunero, goizean zehar, salestar bat eta hezitzaile bat, azokan zehar ibiltzen dira "paseatzen", kalean bizi diren gaztetxoen bila... Azkar nabarmentzen dira: ez dituzte hemengo jantzi tradizional ederrak soinean, kolore bizizko "bubuak", baizik eta arropa zikin eta puskatuak... Hor eta hemen ibiltzen dira, lan txikiak eginez, eskean edo lapurretan... Gauean arrrisku handia izaten dute, inork jipoituko ote dituen... edozeinen menpean daude, gaixorik, etorkizunik gabe... Goizean, gaztetxoekin elkarrizketan, Foyerrera hurbiltzeko eskaintza egiten zaie. Ume batzuk azaltzen dira bazkalondo inguruan... Beraien egoera zein den ongo aztertzen da.
Umearentzat prozesu gogor eta eder baten hasiera izan daiteke. Kalea utzi eta Porto Novoko "Foyer Don Bosco"ra bizitzera joan nahi badute, joan daitezke... baina horretarako bidaia umeen esku geldituko da. Umeak bere aldetik jarri beharko du. Bidaia 400 franko CEFA kosta daiteke (0,6 euro), baina diru hori bildu behar da... Porto Novoko Foyerrean hasiko da bigarren etapa. Ahal bada, umea ikasketak egiten jarriko da; hots, eskola normalera joateko prestaketa egingo da (kalkuloa eta frantsesa, hemen eskola frantsez baita). Horretarako beranduegi baldin bada, adinarengatik batez ere, lanbide bat ikasteko aukera izango dute gaztetxoek, ongi aukeratutako patroi egokien laguntzaz. Hemen gremioen sistemak agintzen du... Umeak Foyerreko gizartera ohitu behar du, arauak onartu behar ditu, eta handik nahi duenean alde egin dezake... Ongi moldatzen bada, gaztetxoa hirugarren etapara igaroko da: Magone Zentrora (Porto Novo). Hemen ikasketak eta lanbidea oraindik gogorrago hartzen dira, aterpe edo barnetegi eran.
Gazte heldua izatera iritsi arte (18-20 urte inguru), batxilergoa bukatu eta unibertsitatean sartzean, edota lanean "askapena" edo "liberazioa" lortzean, hots, bere kontura lanean hasteko baimena, gremioan onartua izatea,... hor egongo dira salestarrak eta hezitzaileak, laguntza eskaintzen... Eta geroago ere bai, laguntza ekonomikoa emateko, ikasketa beka bat edota tailer txiki bat sortzeko laguntza emanez...
Bitartean, ahalegin guztiak egiten dira ume edo gaztetxoa bere familian integratzeko, elkarrizketa eta bisiten bitartez... Askotan helburu hau lortzen da. Ez beti...
Gure herriak, Azkoitiak, laguntza bikaina eman du proiektu honetan. Herriaren laguntzaz moldatu eta konpondu da Porto Novoko Foyerra (erdia gutxi gora behera). JTM-Hirugaren Munduko Gazteak taldeak eta Floreagak biltzen duten dirua oso ongi erabiltzen da hemen, babesik gabeko gaztetxo hauei laguntzeko.
Azoka ederra da, zalantzarik ez: saltzaile asko, erosle eta ikusle ugari, tartean behin turista "yovo" edo zuri batzuk,... Baina oso tristea ere bai. Ni bihotzaren erdian kolpatu nau. Baina ez da dena neska eta mutil gaztetxoen tristura. Tristuraren ondoan itxaropen izpi txiki bat ere badago. Eutsi gogor!!
Testua: Juan Inazio Sudupe. 2008.
Argazkiak: Iñaki Vergara. 2008.
24 jul 2008 | 02:34 PM
Gorka
Aurrera Afrikan Euskaraz.
Escribe un comentario